Herria
BAIGORRI - SAINT ETIENNE DE BAIGORRY
Kantonamenduko hiriburua da. Pirinioetako mendien oinetan kokaturik, BAIGORRI Euskal Herriko herri berezienetarik da. Haren izena Ibai Gorritik heldu da. Bere egiazkotasuna eta grazia zinez atxikitzen jakin du.
Herri barnea Baxenabarreko arkitekturaren adibide ederra da, bainan haren xarma berezia ingurumenari ere zor dako, mendi ederrez osatua baita, haien artean Iparla, Oilarandoi, Izpegi, etab...
Herria auzotegi andana batez osatua da : Okoze, Bortzirieta, Leizparze, Germieta, Otikorene, alde batetik ; Herri barnea, Iparragerre, Mitxelene, Izpegi, erdian ; Eiheralde, Urdoze, Bastida, iparrean ; Eraun Alde, Etzaun Alde eta Belexi, Bankako bidean.
Gaur egun desagerturik, industriak ibarra aberastu zuen alta XVIII. mendean, burdinolaren edo « Etxauzko olharen » ustiapenari eta meatzeeri esker.
BAIGORRIK egonaldi goxo baten iragaiteko harrera egitura egokiak eskaintzen ditu : hotelak, VVF zentroa, kanpina, landetxeak, mublatuak, apartamentuak eta kirol azpiegiturak, igerilekua barne.
Herriaren garapen ekonomikoa laborantzari azkarki lotua zako (ardi eta behi hazkuntza) baina baita ere mahastizaintzari, Irulegiko arnoari esker, eta arrainhazkuntzari.
« Bigur » edo « Bayguer » izena X. mendean agertu zen lehen aldikotz idatzirik (980an Baionako apezpiku zen «Arsioren gutunean»). Denbora hartan, ez zuen oraino Baigorriko herria bera izendatzen, ibar osoa baizik, erran nahi baita multzo politiko-administratibo bat, Pirinioetan leku anitzetan zirenen idurikoa.
Etxauzko gaztelua
Baigorriko bizkondeen egoitza izan zen, zortzi mendez (1033ren eta 1832ren artean). Nafar familia hori XIV. mendeaz geroz ezaguna da Etxauz izenaz. Gaztelua herriaren gainean dago, bere izkinetako bi dorreekin eta bere bi talaiekin, jendeak parte batean antolatu kasko batean da (Erdi Aroan lur metak egiten zituzten fortifikazioen altxatzeko). Parte zaharrenak XII. mendekoak dira, bainan gaztelua anitz berritua izan zen XVI. mendearen bukaeran, eta haren barnea berriz antolatua XVII. mendean.