Baigorriko Historia

Baigorriko eliza Baigorriko eliza

« Bigur » edo « Bayguer » izena X. mendean agertu zen lehen aldikotz idatzirik (980an Baionako apezpiku zen «Arsioren gutunean»). Denbora hartan, ez zuen oraino Baigorriko herria bera izendatzen, ibar osoa baizik, erran nahi baita multzo politiko­-administratibo bat, Pirinioetan leku anitzetan zirenen idurikoa.

Baigorriko ibarra, Baionako diozesaren barne, Nafarroako jaurerri bat ere zen, Santxo III.a Iruñeko erregeak bere erresumako jaun haundi baten esku utzia. 1033az geroz, jaun horrek bizkonde titulua izan zuen. Ibarreko 11 herrixketan nagusi zen : Donostei, Leizparze, Urdoze, Okoze, Otikorene, Germieta, Irulegi, Sorhoeta, Lasa, Anhauze eta Azkarate.

Nafarroa konkistatua izan zen, 1512ren eta 1527ren artean, eta gero bitan moztua. Nafarroako erresuma berri bat sortu zen, Pirinioetako iparraldeko ibarretan mugaturik : « Baxenabarre » bilakatuko zen. Baigorri horren barne zen. Iruñea eta Pirinioetako hegoaldea, aldiz, Espainiako erresumak hartu zituen.

Donosteiko herrixkaren hegoaldean (gaur egun, desbideratzearen puntan) Kintoa hasten zen. Mendi eta oihan horiek alhapide komunak ziren. Baleako bizilagun guziek baliatzen zituzten, bai eta Nafarroa Garaiko Erroko eta Baztango ibarretako artzain eta hazleek ere. XVI. mendetik goiti, Baigorriko biztanleria emendatzen ari baitzen, Baigorriko etxeetako premu ez zirenak lur komun horietan finkatzen hasi ziren, Baigorriko premuak eta auzo ibarretako bizilagunak, ordukotz beste erresuma bateko herritarrak zirenak, haserraraziz. XVII. mendean, Aldudeko parropia agertu zen. Gero XVIII.ean, meategien ustiapenaren garapenaren ondorioz, Bankako parropia sortu zen : denbora hartan « La Fonderie » zuen izena. Kintoaren kolonizatzeak nazioarteko tirabirak ekarri zituen.

1789an, Frantziako Iraultzak lehengo balearen antolamendua aldatu zuen. 6 herrixkak, Donosteik, Leizparzek, Urdozek, Otikorenek, Okozek eta Germietak, Saint­Étienne-­de-­Baïgorry izeneko herria osatu zuten. Bizilagunek « Baigorri » erraten zakoten. 3 000 bizilagun baino gehiago zituen, orduan.

Sorhoeta eta Irulegi juntatu ziren Irulegiko herrian. Anhauze, Azkarate, Lasa, Aldude eta Banka herri bilakatu ziren. Azkenik, 1862an, Urepele, balearen gaineko aldean, Aldudetik bereizi zen herri bilakatzeko.

Herri horiek guziek, Ortzaizeko ibarreko herriekin juntaturik, Baigorriko kantonamendua osatzen dute, haren hiriburua Baigorri izanik, 1802az geroz. XIX. mendeko erditsutik landa, gazte anitz abiatu zen Baigorritik Ameriketarat joateko (Kalifornia, Montana, Nevada). Emigrazioa 1970eko hamarkadan baizik ez zen alde bat gelditu. Arte hortan, herriko bizilagunen kopurua ttipitu zen, 2 500etik 1 800era pasatuz ; herriak baserrialdeko eta laborantxako ezaugarriak atxiki zituen.

1970eko hamarkadaren hondarrean eta 1980ko hamarkadaren hastapenean kultura berpiztuz joan zen (euskal kulturaren eta nortasunaren sustatzea), bainan gatazka politiko gogorra ere izan zen. Alabainan, herriko gazte batzuk legez kanpoko Iparretarrak mugimenduan engaiatu ziren. Bainan 1990eko hamarkadaren hondarraz geroz, tirabirak eztitu dira Baigorrin. Baigorriko bizilagunen kopurua 1 600en inguruan egonkortu da eta laborantxa mundua emeki­-emeki kalitatezko mozkinak lehenesten hasi da : Irulegiko arnoa, Ossau-­Iraty AOC sormarkako ardi gasna, arrain hazkuntza, zerrikia.

Baigorriko armarria(k)

armarriakBaigorriko armarria Erdi Arokoa da. Hastapenean, Baigorriko balea osatzen zuten 11 herrixkena zen. Denborarekin, herri bakotxak han bizi zen familia edo etxe noblearen armarria harturik, Baigorriko herriko armarri bilakatu zen.

« Au chef d'azur chargé d'un croissant renversé d'argent » : armarriaren goiko parteak hain segur aipatzen du Baigorriarrek Islamaren kontrako guduetan parte hartu zutela : hortik heldu da ilargi adar musulmana uzkailirik. XII. eta XIII. mendeetan, nafarrak engaiatuak ziren giristinoek musulmanen kontra Iberiar penintsulan burutu Reconquista gerlan.

« D'or à trois fasces ondées d'azur » : erdiko parteak oroitarazten du, zehazki kopiatu gabe, Baigorriko bizkondeen armarria, erran nahi baita Etxauzeko jaunena : « D'argent à trois fasces d'azur ».

« À la champagne d'azur chargée d'une étoile à huit rais d'argent » : armarriaren behereko parteak berriz ere Baigorri Nafarroari lotzen dako : zortzi adarreko izarra, hots San Andresen gurutzea greziar gurutzearen gainean emana, aspaldikoa da Nafarroan. Nafarroako hiri edo herrietako armarri andana batean ageri da, hala nola Lizarran eta Atarrabian.

Urdozek eta Leizparzek, aldiz, han bizi zen familia noblearen armarria atxiki dute.

  • Imprimer
Plus dans cette catégorie : Baigorriko ondarea »