Baigorriko ondarea

Etxauzko gaztelua

Le château d'Etxauz à Saint Etienne de Baigorry

Baigorriko bizkondeen egoitza izan zen, zortzi mendez (1033ren eta 1832ren artean). Nafar familia hori XIV. mendeaz geroz ezaguna da Etxauz izenaz. Gaztelua herriaren gainean dago, bere izkinetako bi dorreekin eta bere bi talaiekin, jendeak parte batean antolatu kasko batean da (Erdi Aroan lur metak egiten zituzten fortifikazioen altxatzeko). Parte zaharrenak XII. mendekoak dira, bainan gaztelua anitz berritua izan zen XVI. mendearen bukaeran, eta haren barnea berriz antolatua XVII. mendean.

Etxauz familiakoak Nafarroako erregeen hurbilekoak ziren, gortean, armadetan eta gotorlekuetan zerbitzatzen zituzten, edo administrazioan, « merindadeen » buru izanez (XIII. mendetik harat, Nafarroako eskualde administratiboak « merindadeak » izan ziren). 1512ren eta 1527ren artean Etxauzko Gratienek Nafarroaren independentzia defendatu zuen, Nafarroako errege-­erreginen aldean. Haren semetxia, Etxauzko Bertrand, Henrike IV.aren eta Luis XIII.aren lehen omonier izan zen, Baionako apezpiku 1599ren eta 1617ren artean, eta Tours hiriko artzapezpiku, 1641ean hil arte.

XVIII. mendearen hastapenean, bizkonderria eta gaztelua Capbretongo Saint­-Martin familia gaskoiaren eskuetarat iragan ziren, eta 1750 irian, Senpereko Caupenne d'Amou familiaren eskuetarat. 1795eko urtarrilaren 23an, tituluaren eta gazteluaren premua, Marguerite Caupenne d'Amou, Jean Harisperekin ezkondu zen. Harispe Donosteiko burges baten semea zen. Bikoteak ez zuen haurrik ukan eta bizkondeen dinastia Margueriteren heriotzarekin batean itzali zen, 1832ko otsailaren 10ean.

Harispe, Konbentzioko gerlen denboran Frantziako armadako kapitaina izanik, « euskaldun xazurrak » deitu boluntario taldeen sortzailea izan zen. 1793ren eta 1794ren artean, Espainolen inbasioa gibelarazi zuten (bereziki Arrolako batailan, Baigorriren gaineko aldean). Harispek Napoleonen kanpainetan parte hartu zuen, Inperioko konde egina izan zen eta gero Frantziako marexal, Bigarren Inperioaren denboran (1851). Haren bustoa herriko lorategian da, gaur egun. Ez zen alta sekula Etxauzko gazteluan bizi izan. 1848an, Abadia Urrustoi euskal-­irlandar familiak gaztelua erosi zuen.

Charles Abadia Urrustoi gazteluan bizi izan zen, 1901eko abenduan hil arte. Etxauzko gaztelua Abadia Urrustoi familiaren ontasunetan gelditu zen eta Charlesen semea, Harry, ardura jiten zen harat. Harryk Hollywooden lan egiten zuen, Ameriketako Estatu Batuetan. Charlie Chaplinen laguntzaile izan zen lehenik, eta gero errealizadore eta film idazle bilakatu zen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. Abadia Urrustoi eta Chaplin hiru aldiz jin ziren Etxauzko gazteluan egoiterat (1925ean, 1926an eta 1931n). Gero, 1940ren eta 1944ren artean, Alemaniako armadak errekisizionatu zuen eta bere kuartel nagusia han ezarri. Harry Abadia Urrustoi 1968an zendu zen. 1976an, haren alargunak, Eleanor Boardman izeneko Hollywoodeko aktoresak, gaztelua saldu zuen eta Ameriketako Estatu Batuetarat itzuli zen.

Horren ondotik, urte zailak izan ziren : gaztelua behin eta berriz saldua izan zen, lekuko jende batzuek erosiz, bainan arpilatua eta funditua izan zen eta bere gisa utzia, 1994a arte. Orduan, Baionako familia batek erosi zuen, Pierné jaun-andereek, eta horiek osoki berritu zuten eta berriz mublatu. Etxauzko gaztelua Monumentu Historikoen zerrendan da eta 1997an Grand Prix National des Vieilles Maisons Françaises saria irabazi zuen. 2003an, Pierné senar-­emazteek Azrani jaunari saldu zakoten. Azrani jauna Miamiko negozio gizona da eta familiako erroak baditu Erratzun, Baigorriren auzoko herrian. Gaur egun Azrani familia da gazteluaren jabe.

Doneztebe eliza

L'église de Baigorry

XIII. mendean agertzen da lehen aldikotz testuetan (1236an). Urte hartan, Doneztebe elizaren arrandaren erdia Orreagako monasteriotik heldu zen eta bertze erdia Nafarroako Erregearenganik. Erdi Arotik, Doneztebe elizak zutabe erromanikoak atxikitzen ditu, dorre bat eta fortifikazioen arrastoak. Arrasto horiek oroitarazten dute defentsa eginkizuna ere ukan zuela. Kapera gotiko bat ere gelditzen da (Baigorriko bizkondeen kapera), kapitel zizelkatuak dituena.

Eliza haunditua eta altxatua izan zen, eta hiru estaiko galeriak egin zituzten XVI. eta XVIII. mendeen artean, orduan biztanleriaren hazkunde haundia gertatu baitzen. 1707ren et 1710en artean, erretaula barrokoa egin zuten, 1975an Monumentu Historiko gisa ekarria eta 2013an berritua. Erdiko margolanak Donezteberen martirioa erakusten du. 1790ren eta 1793ren artean, ezkila dorrea altxatua izan zen. XIX. mendean aldare nagusi bat egin zuten eta erretaularen aitzinean ezarri.

Azkenik, Alsaziako Rémy Malher organo egileak 1999an organo barrokoa egin zuen, Orgue en Baïgorry elkarteak manaturik. Organoa galerien zolan dago, erretaularen parean. Urte guziz, agorrilean iragaiten den festibal baten bihotzean da.

Doneztebe eliza Monumentu Historiko gisa ekarria da, 2013az geroz.

Zubi « erromatarra »

Pont Romain - Baigorri

Zubi hori 1661ean eraikia izan zen eta luzaz Urepeleko Errobiren trebesatzeko bide nagusia izan. Haren arku bakar erdizirkularrak estilo erromanikoa emaiten dako, eta hortik heldu zako izengoitia. Zubiko galtzada harriek luzaz handik iragan ziren orgen erroten markak atxikitzen dituzte.

Herriko pilota plaza nagusia

Fronton de Saint Etienne de Baigorry

1857an eraikia, Abadia Urrustoi anaiek ordaindu zuten (Anton, Arnaud eta Etxauzko gazteluaren jabea, Charles). Azken horrek zakon lur peza herriari eman, pilota plazaren eraikitzeko. Eskuaraz eta neurtitzetan idatzi atalburuak Baigorriarrek hiru anaientzat duten esker ona oroitarazten du. Pilota plazako pareta altxatua izan zen, Bigarren Mundu Gerla baino lehen, eta errebote partidendako ere aski haundia da.

 

Oilandoiko kapera

1706an, Baleako 11 herrixketako etxeko jaun guziak biltzen zituen Baigorriko Gorte Nagusiak deliberatu zuen Oilandoiko mendiaren kaskoan ermita ezartzea. Ermiten lana zen otoitzen bidez zeruari galdegitea lurraldea eta mozkinak babazuzatik eta ekaitzetatik begira zitzan. Baigorriko 11 herrixkek, aldizka, ermiten hazteko ardura zuten. 1740ren eta 1792ren artean ermitak denbora guzian han bizi izan ziren.

1985ean, kapera, funditzaile batzuek eta aro gaiztoak azkarki andeaturik, osoki berriz eraikia izan zen. Aitzineko mendeetan bezala, Baigorriarrak eta inguruetako jendea bi beilaren egiterat joaiten dira kapera hartarat, ekainean eta agorrilean.


Baigorriko auzoak

Lehengo herrixka autonomoen ondoko, Baigorriko 6 auzo haundiek beren iraganaren arrastoak atxikitzen dituzte : Okozek, Germietak eta Urdozek beren kaperak atxiki dituzte, horiek hain segur lehengo parrokietako elizak izanik. Urdozeko plazan gaztelua ageri da, XIV. mendetik ezagunak ziren Urdozeko jaunen etxe noblea. Miñaberriko mahastien erdian, eta Leizparzeko auzoa trebesatzen duen bide nagusitik doi bat bazterturik, Leizaratzeko gaztelua bada, XIV. eta XVIII. mendeen artean Nafarroako eta gero Frantziako erregistroetan aipatua den Lizaratzuko familiaren iragan noblea oroitaraziz.

Auzo bakotxak berezitasunak baditu : Germietak pilota plaza atxiki du, bai eta 1789ko latsagia ere. Otikorenek auzo-­karrika itxura atxiki du, herriko bidearen bi aldeetan dauden etxaldeekin, Jararen oinetan. Urdozek denboran bastida bat (herrixka berria) eraikiarazi zuen, gaur egun « Bastida » auzoa dena. XVIII. mendeko erretaulaz gain, Okozek atxikitzen ditu, bere kaperaren barnean, XVII. eta XVIII. mendeetako zurezko estatuak.

Germieta, Leizparze, Urdoze, Otikorene, Donostei eta Okoze XVII. eta XVIII. mendeetako etxaldez josiak dira, nun bortaren gaineko atalburu zizelkatuek oroitarazten baitute noiz eraikiak (edo berriz eraikiak) izan ziren, bai eta anitzetan etxeko jaunaren eta anderearen izena. Gainerat, etxe horietarik batzuk nobleak ziren. Beren jabeari zerga abantailak emaiten zezten, bai eta Nafarroako Gorteetan (Baxenabarreko ibarren batzarra) bozkatzeko eskubidea ere. Etxe horiek « infantzonak » ziren, hala nola Iriberria, Herriko Etxearen parean. Iriberriak fierki adierazten du : « INFANCON SORTUNNIS INFANCON HILENNIS » (Infantzon sortu niz, Infantzon hilen niz). Auzo bakotxak, Otikorenek salbu, bere etxe infantzonak baditu. Adibidez, Auzkia Okozen, Betartea Urdozen, Aparainea Leizparzen eta Etxeberria Germietan.

Baigorriko 6 auzo haundiak gero barreiatu ziren eta auzo berriak sortu zituzten, hala nola Eiheralde, Belexi, Iparagerre, Haritzalde, Irube, Bortzirieta... ondorioz Baigorrik 70 km2 inguru hartzen ditu !

 

  • Imprimer
Plus dans cette catégorie : « Baigorriko Historia